Ane Espina & Garazi Goñi

ficha-img
Gezala Auditorium
2023/02/11

Ane Espina Errasti (2003, Lezo)

Ane Espina Lezon jaioa, herriko musika eskolan hasi zen bere musika ikasketekin. Ondoren Errenteriako kontserbatorioan egin zituen bere gradu erdiko ikasketak Francisco Herrero irakaslearekin. Ikasketa hauek egin bitartean Raffaela Acellarekin ikasi zuen aldi berean 2016-2021 urte artean.

Urte horietan hainbat proiektutan parte hartu zuen: EIO orkestra, EGO orkestra eta baita hainbat lehiaketetan ere. 2021ean Euskal Herriko Musikari Gazteen lehiaketan garaile atera zen eta sari berezia ere lortu zuen. Horri esker Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin bakarlari gisa jotzeko aukera izan zuen joan den urteko Martxoan.

Hainbat ikastarotan parte hartu du izen handiko irakasleekin: Kristoffer Dolatko, Sergio Castro, Sergey Ostrovsky, …

Aurten biolin ikasketak hasi ditu Basilea, Suitzan Barbara Doll irakasle duelarik.

 

Garazi Goñi Santamaria (1991, Donostia)

Piano ikasketak Zurriola Musika Eskolan hasi zituen eta Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan eskuratu zuen Erdi Mailako titulua Cristina Navajas eta Maruxa Llorente irakasleekin. 2013an, Goi Mailako Piano Ikasketak amaitu zituen Escola Superior de Música de Catalunyan (ESMUC) María Jesús Cresporen gidaritzapean. Ondoren, urtebetez, Budapesteko Franz Liszt Academy-n izan zen graduondoko bat burutzen Borbély László eta Gábor Eckhardt irakasleekin. 2017an, Madrilgo Centro Superior Katarina Gurska-n, Bakarkako Interpretazio Masterra eskuratu zuen Nino Kereselidzeren eskutik. Bi espezializazio ikastaro burutu ditu Musikenen, ganbera musika eta pianista laguntzaile alorretan, eta baita Brasilgo UNIRIO-n ere (Universidade Federal do Estado do Rio de Janeiro).

Hainbat lehiaketatan saritua izan da, beka ezberdinak jaso ditu eta ikastaro ugaritan parte hartu du izen handiko irakasleekin: Diana Baker, Guigla Katsarava, Rita Wagner,...

Pianista errepertorista bezala egin du lan Gasteizko, Donostiako eta Iruñeako kontserbatorioetan, eta Musikeneko Interpretazio Masterreko kolaboratzailea izan da.