Erreka ondoan bi gezur

ficha-img
Gezala Auditorium
2024/10/20

Erreka ondoan, bi gezur dantza garaikidea oinarri duen obra eszenikoa da. Fikzioa eta gezurra kontzeptu gisa uztartzen dira, horretarako kondairen unibertsoan barneraturik.

Kondaira da sormen prozesuaren abiapuntu eta kokalekua. Literatur genero epiko hau, pertsonaia fantastikoak eta naturaz gaindikoak dituena, eta maiz ezaugarri historikoak dituena, da obraren oinarria. Emanaldian, fikziozko elementuez gain, gizarteko errealitate zuzenetik hartutako elementuak daude, egungo narratibak edo 'egiak' fantasiazko istorioarekin kutsatu eta transformaturik. Lanak transformazio bidaia batean barneratzen gaitu.

Mari Zaunkaren azken sormen honek dantza, ahotsa eta testua uztartzen ditu.

Fitxa

  • Ikuskizun mota: dantza garaikidea eta antzerki fisikoa
  • Sormena eta interpretazioa: Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesga
  • Musika: Luz González
  • Jantziak: Valentina Azzati eta Lurdes Arruti
  • Argiak: Andoni Mendizabal
  • Argazkiak eta bideoa: Aitor Arruti
  • Ekoizpena: Mari Zaunka Kultur Elkartea
  • Kanpo begirada: Ainara Gurrutxaga, Maria Ibarretxe eta Marti Güell
  • Babesa: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Dantzagunea eta Espacio La Turbo
  • Iraupena: 50 minutu

Mari Zaunka Kultur Elkartea

Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesga dantzari eta sortzaileek osatzen duten kolektiboa da. 2018an ekin zioten elkarlanari, sormenari dagozkion hainbat ikuspegi eta desira partekatzen zituztelarik. Haien lehen lana, Leiho zikin, zeru garbi, Dantzaguneako 'Sortutakoak 15' dirulaguntza, Bilbaoeszena-ren 'Artisten Egoitza' beka eta NunArt Guinardó-ren 'Cesión de espacios' programaren babespean sortu zuten. 2020ko urrian BAD Bilbao Jaialdian estreinatu zen, eta ordutik Baratza Aretoan (Gasteiz), Tabakalera Labo XL (Donostia), PDF Pasaiako Dantza Festibala, Bilboko Berreginen Museoa, Billabona, Lasarte, Mendaro, Tolosa, Amorebieta eta Lezoko antzokietan aurkezteko aukera izan dute, besteak beste.

Mari Zaunkak bi adar nagusi ditu lan ildoari dagokionez. Batetik, lan koreografikoen garapena aurrera eramatea, kutsu propioa duten obrak eraikiaz. Mugimenduaren eta ahotsaren inguruko ikerketa eta kontzientzia soziala dira sormen prozesuen funtsa, dantza garaikidea beti ardatz nagusia izanik. Momentuan partekatzen dituzten ardura eta beharrei espazio bat ematea da helburu.

Bestetik, hezkuntza eta mediazioaren arloak garatzen ditu Mari Zaunkak. 2021ean Kultza Mediazioa elkartearekin elkarlanean, Saretuz proiektuaren parte izan ziren. Bertan, Gipuzkoako hainbat Emakumeen Etxetan dantza garaikidea eta gorputz adierazpen saioak egin ziren, norbanakoaren ahalduntzea garatu eta emakumeen arteko elkar partekatzea bultzatzeko.

Kolektiboak diziplina ezberdinetako sortzaileekin kolaboratzeko interes handia du, proiektu artistiko anitz eta berritzaileak garatzeko asmoz.