Zeozertan dabil baina ez dakit zertan

ficha-img
Gezala Auditorium
2024/12/15

Etxe bat, edozein etxe. Egongela bat, edozein egongela. Hiru lagun, elkarri galdezka: "Gu familia bat gara?". Antzezlana hasi eta ikusleak ez du argi izango zein den hiru pertsonaien arteko harremana, baina bere ekintzen harira joango da deskubritzen hiruko honek ezkutatzen duena. Hari horretan, familiari loturiko galderek, kontraesanek eta umorezko zirtoek zeharkatuko dute antzezlana. Familiaren ideiatik tiraka sitcoma eta poesia bisualaren arteko antzezlana osatu du Metrokoadroka kolektiboak.

Metrokoadroka

Hainbat arte diziplinatan dabiltzan hamaika lagunek osatzen duten kolektiboa da Metrokoadroka. Artistentzako plataforma gisa eta sorkuntzarako elkargune gisa tresna eraginkor bat sortzea da bere asmoa.

Metrokoadrokaren helburua honako hau da: arte eszenikoetan zein arte plastikoetan sor daitezkeen proiektuak laguntzea, zabaltzea eta batzuetan sortzea. Beti ere kulturarekiko ikuspegi kritikoari eta esperimentazioari lehentasuna emanez. Arte diziplina ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlana da esperimentazio horren oinarri nagusietako bat.

Harreman artistikoen sare antolatua da Metrokoadroka, eta horri esker gauzatzen ditu proiektuak. Sare horretan parte hartzen dutenek banakako edo taldeko proiektuak aurrera atera ahal izateko eskaintzen diete besteei euren ahala.

Kultura beste modu batean ulertzeko, egiteko eta kudeatzeko beharra dagoela uste dutelako antolatu dira modu honetan. Proiektuak sakontasunez, seriotasunez eta ausardiaz sortzea da Metrokoadrokaren erronka, auzolanean eta harremanen sareetan oinarrituz bere lana.

Fitxa artistikoa

  • Konpainia: Metrokoadroka
  • Zuzendaritza: Marina Suarez Ortiz de Zarate, Oier Guillan
  • Aktoreak: Maite Aizpurua, Edurne Azkarate, Javier Barandiaran
  • Jantziak: Idoia Beratarbide
  • Ekoizpena: Oscar Picazo (ENTER Banaketak)
  • Argiak: Junki Mayo
  • Soinua: Patxi Suinaga
  • Eszenografia laguntzailea: Alvaro Ledesma
  • Argazkiak: Mendi Urruzuno, Kulturaz